Lautik bi bikotetan erremontariak postuz aldatuta jokatuko dute

Jai Alai Summer Season txapelketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostiako Miramar Jauregian. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntzak mantenduko ditu. Jokalariek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Joko dinamika berri hauek ikuskizun berezi eta zirraragarria eskainiko dute bai zale beteranoentzat eta baita kirol honetara lehen aldiz hurbiltzen direnentzat ere.

Txapelketa uztailaren 10ean, ostegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV-Ezkurra, Azpiroz-Ansa II, Segurola-Larrañaga eta Aldabe-Juanenea. Bi bikoteetan postuak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa. Honela Barrenetxeak aurrean jokatuko du eta Ezkurrak atzelari. Azpirozek ere aurrean jokatuko du eta Ansak atzean. Beste bi bikoteetan postuak mantentzen dira.
Bost jardunaldi jokatuko dira eta azkenekoan finala jokatuko da. Uztailaren 10, 12, 17 eta 19an jokatuko dira ligaxkako partiduak eta 26an finala.

4 bikotez osaturiko txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute. Lehenengo eta bigarren postuetan geratzen diren bikoteak, jokatuko dute uztailaren 26ko finala.

Alfredo Pozueta,Sukia enpresako ordezkaria; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Turismo Diputatua eta Oriamenditik Joxemari Barrenetxea izan ziren.

Azahara Dominguez diputatuak azaldu zuenez: “Summer Seasons Gipuzkoako eskaintza turistikorako osagarri ezin hobea da uda honetan, inork ahaztuko ez duen esperientzia murgiltzaile eta aberasgarria eskaintzen duelako. Gipuzkoako Foru Aldundiatik horrelako ekimenak bultzatzen jarraituko dugu, gure lurraldea esperientzien, tradizioaren, nortasunaren eta izaeraren helmuga izan dadin. Izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu beste helmuga batzuetatik bereiztea eta kalitatezko bisitariak erakartzea, gure artean gozatzeaz gain, gaur egun dugun ondare naturala, kulturala eta soziala zaintzen lagunduko digutenak”.