Finalerako txartela jokoan, Aldabe-Barrenetxea IV.a bikotea izango dute aurkari. Play-offean, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazi dute, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; Ezkurra II.ak eta Juaneneak hirugarren jokoa behartu dute, eta horretan oso nagusi izan dira (0-8).
Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea (Bereziartua) 2025eko Sagardoaren Txapelketako “Erremontari” saioko finalerdirako sailkatu dira, atzo, txanda horretako txartel bat jokoan zuen play-offean Imanol Ansa eta Aritz Zubiri (Aburuza) mendean hartuta, Galarretan, Hernanin. Ezkurra II.ak eta Juaneneak haientzako ia ezinezkoa zirudien partida batean lortu zuten sailkatzea; izan ere, Ansa II.ak eta Zubirik lehen jokoa irabazita zuten, 15-10, eta bigarrenean 14-10 ari ziren gailentzen; orduan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak bost tanto jarraian egin zituzten, eta hirugarren jokoa behartu zuten; azken horretan guztiz nagusi izan ziren, eta 0-8 gailendu. Sagardoaren Txapelketako finalaurrekoan, datorren astelehenean, Ezkurra II.ak eta Juaneneak Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea (Oilaume Zar) izango dituzte aurkari.
Testuinguru horretan, Aburuzako ordezkariak izan diren Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain lanetan, aurkariek baino hobeto ekin zioten neurketari, eta merezita eskuratu zuten aurreneko jokoa; horretako atsedenaldian, aurrelari urnietarra eta atzelari goizuetarra 8-4 zebiltzan aurretik, eta abantaila horri eutsi zioten, norgehiagokako lehenengo puntua eskuratu arte. Hasierako joko horrek emandako bultzada baliatuta, bigarrenean ere oso indartsu hasi ziren; aurrenekoan bezala, 8-4 ari ziren gailentzen, gerora Ezkurra II.a eta Juanenea suspertu egin ziren eta zortzina berdindu zuten, baina Imanol Ansak eta Aritz Zubirik berriro ere handitu zuten euren aldeko abantaila. Hala, 14-10 jarri ziren aurretik, eta ematen zuen garaipena ia erdietsita zutela.
Ezkurra II.ak eta Juaneneak sakea berreskuratu zuten, 14-11koan, eta atzelari nafarra sakeak zabaletik ateratzen hasi zen. Agian horrek desorekatu zuen bikote aurkaria; nolanahi ere, Bereziartuako Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak, Patri Espinar kapitain lanetan izan zutela, irauli egin zuten neurketa, modu ikusgarrian gainera. 14-10ekotik, 14-15ekora igaro zen, eta partida hirugarren jokoan erabaki zen; horretan, Ezkurra II.ak eta Juaneneak dena egin zuten bikain, eta bikote aurkariak ezin izan zuen inolako erantzunik eman. 0-8ko partzialak argi utzi zuen batzuen eta besteen arteko ezberdintasuna.