Iruñea, 2025eko apirilaren 4a – Gaur goizean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, Javier Urrizaren agur-jaialdiaren aurkezpen ofiziala egin da. Jaialdia datorren apirilaren 11n izango da 18:00etatik aurrera, Iruñeko Labrit pilotaleku historikoan, eta bertan izango da nafarraren azken partida frontoi motzean. Bere kirol ibilbide bikainari amaiera emango dio horrela, jaioterrian bertan.

Aurkezpen-ekitaldian, Javier Urrizak berak hartu du hitza: “Etxean, Labriten, agurtzea asko esan nahi du niretzat. Oso arratsalde berezia izango da eta urte hauetan guztietan nire ondoan egon den jendearekin partekatu nahi dut”.

Oriamendiko gerentea den Javier Gonzálezek jaialdiaren xehetasun guztiak azaldu ditu. Azaldu duenez, sarreren %70 baino gehiago salduta daude, eta jaialdian gaur egun Oriamendik dituen zortzi pilotari onenek parte hartuko duten bi partida izango ditu. Gonzálezek nabarmendu du jaialdiaren izaera diziplina anitzekoa izango dela: “Erremonteko jaialdi bat baino askoz gehiago izango da. Musika zuzenean, DJ Bambinoren animazioa, emanaldi bereziak, oroigarri gisa sortutako kamisetak eta bestelako produktuak izango ditugu”.

Aurkezpenean izan dira, halaber, eta beren babesa erakutsi dute, Iruñeko Udaleko Kirol zinegotzia den Maider Beloki; Nafarroako Pilota Federazioko ordezkari Fernando Goñi; eta Javier Urriza gaztetan aritu zen Oberena klubaren izenean Mikel Erro. Hiru ordezkariek Urrizaren garrantzia nabarmendu dute bai kirol arloan bai giza mailan, eta herritarrak animatu dituzte ekitaldi historiko honetan parte hartzera.

Prentsaurrekoa Javier Urrizaren ibilbide profesionalaren informazio osoa biltzen duen dossierrarekin amaitu da, eta bi bideo promozionalen zabalkuntzarekin: bata jaialdiari buruzkoa eta bestea Urrizaren agurrerako propio diseinatutako kamiseta teknikoari buruzkoa.