Urriza-Larrañagak, Segurola-Barrenetxea IV.ak eta Aldabe-Aiestaran VI .ak 2-0 irabazi dituzte euren partidak
Lehen Mailako Binakako Erremonte Txapelketako bi partidek eta Bigarren Mailako partidak ia amaiera bera izan zuten binakakoaren lehen jardunaldian. Urriza-Larrañagak 15-11 eta 15-12 irabazi zioten Ezkurra II-Azpirozi, Segurola-Barrenetxea IV .ak 15-6 eta 15-11 gainditu zuten Ansa II-Juanenea, eta Bigarren Mailako partidan Aldabe-Aiestaran VI .ak 15-7 eta 15-12 irabazi zieten Jabalera-Apezetxeari. Ondorioz, partidetako irabazleek lau puntu lortu zituzten eta galtzaileek zero puntu.
Binakako Txapelketa giro onarekin hasi zen Galarretan, publikoak partidetan sartuta erantzun zuen eta erremonte ona ikusteko gogoa zegoen. Agian emozio gehiago eta partiduren batean hirugarren set bat falta izan zen.
Lehen partidan Larrañaga izan zen protagonista. Aspaldi ikusi gabeko konfiantzaz jokatu zuen. Oso ondo aritu zen sakean, sei tantorekin, eta akats bakarra egin zuen partida osoan. Harresi bat zirudien Urriza seguru baten laguntzarekin. Iruñekoak hamabi tanto egin zituen, zazpi eta bost, bi jokoetan. Gorriak nagusi izan ziren bietan. Beti aurrea hartu eta markagailua kontrolatu zuten. Lehenengo seta Urriza-Larrañagaren alde erori zen 15-11. Bigarren seta lerro berean hasi zen eta markagailua 6-1 eta 10-5 ireki zen. Ezkurra eta Azpirozek 13-12 markagailua estutu zuten, baina 12tan gelditu ziren. 15-11 eta 15-12 argiak izan ziren gorrientzat.
Bigarren partidan Barrenetxea jaun eta jabe izan zen. Aldeak markatu zituen Segurola seguru batekin batera. Lehen seta oso argia izan zen. Urdinek 6-15 irabazi zuten Barrenetxearen sake bakarrarekin, baina piloteoan nahi bezala jo zuen pilota. Ansa II .a eta Juanenea saiatu ziren urdinen botereari aurre egin ezinik. Bigarren seta bide beretik hasi zen. Urdinek 5-8 eta 7-12ko aldea zuten. Hurbiltzen saiatu arren gorriak, errentari arazorik gabe eutsi zioten eta 11-15 itxi zuten norgehiagoka.
Bigarren Mailako partida Lehen Mailako bigarrenaren berdina izan zen. Aldabe eta Aiestaran askoz gehiago izan ziren Apezetxea eta Jabalera baino, 15-7 eta 15-12 galdu baitzuten-. Aiestaranek bikain atera zuen, sakez zazpi tanto eginez, eta Aldabe Jabalera baino gehiago izan zen.
Sailkapena