Jai Alai Summer Season txapelketaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Kursaaleko terrazan. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntza garrantzitsuak ekarriko ditu. Oraindik aztertu gabe dauden lehiaketa mota berrien artean, jokalariek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Joko dinamika berri hauek ikuskizun berezi eta zirraragarria eskainiko dute bai zale beteranoentzat eta baita kirol honetara lehen aldiz hurbiltzen direnentzat ere.

Aurten lehiaketa-sistema da berrikuntza nagusia. Lau bikotek A Torneoa jokatuko dute eta beste lauk B Torneoa.
Kanporatze bikoitzean jokatuko da. Kanporaketak egongo dira, baina galtzailea ez da automatikoki kanporatuko, errepeska koadrora joango dira. Bi partida galdu beharko dira kanporatuak izateko. Lehen bi kanporaketetako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute, eta bigarren partida horretako irabazlea zuzenean joango da finalera. Lehen partidako galtzaileak errepeskara joango dira eta beraien arteko neurketako irabazleak aurrera egingo du eta galtzailea kanporatuta geratuko da. Lehen errepeskako irabazleak, bigarren partidan, lehen irabazleek jokatuko duten partidako galtzailea jasoko du. Eta duelu honetatik bigarren finalista aterako da.

Txapelketa uztailaren 11n, ostegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV-Urriza, Juanenea-Ansa II, Azpiroz-Ezkurra II eta Aldabe-Larrañaga. Azken bikote hori da ohiko posizioak mantentzen dituen bakarra. Gainerakoak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa.
Bost jardunaldi jokatuko dira eta azkenekoan finala jokatuko da. Gainerako jardunaldiak uztailaren 11, 13, 18 eta 20an jokatuko dira.
B txapelketak formatu bera du, baina hemen ez da posizio aldaketarik egongo eta bakoitzak berea mantenduko du. Bikoteak honako hauek izango dira: Goikoetxea V-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxea, Susperregi-Aiestaran VI eta Arluziaga-Zaldua I.
Jaialdi guztiak 16:30ean hasiko dira.