6-15 eta 5-15 nagusitu dira B taldeko lehenengo partidan
Berria Erremonte Txapelketako bigarren partidan, Gurrutxaga eta Aiestaran VI.a erraz nagusitu dira Zaldua II.a eta Eskuderoren aurka. Azken markagailua 0-2 izan da urdinen alde, 6-15eko eta 5-15eko partzialekin. B multzoko lehenengo partida jokatu dute, Galarretan, eta garaileek lau puntu batu dituzte sailkapenean; galtzaileek, aldiz, puntu negatiboa dute, 16 tantora ez baitira iritsi.
Garaileak jaun eta jabe izan dira hasieratik amaierara arte. Konfiantzarekin eta kolpe biziagoekin, Gurrutxaga eta Aiestaran gorrien gainetik aritu dira norgehiagoka guztian. Aiestaran izan da erremontistarik onena, eta ez du huts bakar bat ere egin. Gurrutxagak ere oso huts gutxi egin ditu, bi guztira partida osoan. Atzean eta aurrean gehiago izan dira urdinak.
Markagailuak erakutsi du kantxan egon den aldea. Zalduak eta Eskuderok ezin izan dute aurkarien abiadura berdindu, eta hortik egin die ihes partidak.
Gurrutxagak eta Aiestaranek ezin izan dute modu hobean hasi txapelketa. Pilotakada zoragarriak jo dituzte, eta zaleek asko gozatu dute haien jokoa ikusita.