2-0 (15-7 eta 15-14) gailendu zaizkie Ezkurra II.ari eta Larrañagari
Aldabe eta Barrenetxea IV.ak 2-0 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Larrañagari Orona Fundazioaren Binakako Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldiko azken partidan. Emaitza honek Aldabe eta Barrenetxea IV.a ligaxkako lidergoan uzten ditu zortzi punturekin, Ezkurrak eta Larrañagak puntu batekin taula ixten duten bitartean, Urriza eta Azpirozekin berdinduta.
Aldabe eta Barrenetxea jaun eta jabe izan ziren lehen setean, 15-7 irabazita, baina bigarren seta txapelketa osoko parekatuena eta onena izan zen. Gorriek 15-14 irabazi zuten.
Lehen setak ez zuen historia handirik izan. Barrenetxea, partidako onena izan zena jaun eta jabe izan zen eta markagailuaren buru izan ziren gorriak hasieratik amaierara. Larrañaga ez zen jokoan sartzen eta Ezkurrak, sei tanto egin zituenak, akatsak ere egiten zituen eta ez zen emoziorik egon. Aldabek bikain laguntzen zion atzelariari eta partida osoan huts bakarra egin zuen.
Bigarren seta desberdina izan zen. Emozio gehiago izan zen, eta batez ere joko ona. Barrenetxea eta Ezkurra bikain aritu ziren eta borroka gogorra izan zen aurrelari entxufatu baten eta joko askorekin dabilen atzelari baten artean. Pilota abiadura handiz mugitzen zen, orain arteko momenturik onenak eskainiz. Seta hiruna, seina, zazpina, zortzina berdinduta joan zen eta hamaikakoaren ostean urdinek bi tantoko errenta lortu zuten, 11-13. Set bateko berdinketa gertu zegoen, baina urdinen behartu gabeko hiru hutsek, Larrañagaren bik eta Ezkurraren batek, garaipenetik tanto bakarrera jarri zituzten gorriak. Hamalauna berdindu zuten eta tanto erabakigarrian Ezkurrak hamargarren koadrora arrimatu zuen pilota, baina Barrenetxeak goran hartu eta denei pasa zien partida 15-14 ixteko. Barrenetxea nagusi izan zen topaketa osoan zehar.
Irazu eta Apezetxea Urrutia II.a eta Zaldua baino askoz gehiago
Promozio Txapelketako lehen partidan Apezetxea ikusgarri aritu zen eta Irazurekin batera lau puntuak eskuratu zituzten 9-15 eta 7-15eko partzialekin. Urrutia desitxuratuta egon zen Irazu entxufatu baten eta Apezetxea ikusgarri baten aurka, guztira 17 tanto egin baitzituen.