Saldiaskoak 21-30 irabazi dio Barrenetxea IV.ari finalerdian
Erremonteko Eusko Label Txapelketak Ansa II.a eta Juanenearen arteko finala izango du irailaren 9an. Biek lehen finala jokatuko dute eta beraz, txapeldun berria izango da.
Juaneneak 21-30 irabazi zion Barrenetxea IV.ari. Juaneneak ordubeteko partida jokatu zuen eta piloteoan Barrenetxea gainditu zuen. Partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan taktika handia izan zen sakearekin eta errestoan. Sakearekin min handiagoa egiten zuten piloteoarekin baino. Berdintasun handia zegoen, baina Hernaniko atzelaria zen ekimena eramaten zuena. Berdinketak bana, hiruna, launa, bosna izan ziren eta Barrenetxeak hiru tantoko aldea lortu zuen, 9-6koan. Berdinketak bueltatu ziren bederatzina eta hamarna. Hernaniarraren unerik onenean iritsi zen bere alderik handiena 18-14koan.
Hurrengo tantoak erabat aldatu zuen partidaren dekorazioa. Barrenetxea jaun eta jabe izan zen, baina Juaneneak defentsa ikaragarriak egin zituen eta errekuperazio ikusgarri baten ondoren tantoa bere alde erori zen. Inflexio puntu bat izan zen. Saldiaskoak konfiantza handia hartu zuen eta lau tanto egin zituen jarraian saketik 18-19 aurreratzeko.
Sakez tantoak egiteaz gain, piloteoan nagusi izatera pasa zen pilotakada ikusgarriak konektatuz eta Barrenetxeak, aitzitik, konfiantza galtzen zuen. Azken partziala 3-16koa izan zen eta Juanenea finalera eraman zuen. Errenta, pixkanaka, behin betiko bederatzietara igo zen. Merezimendu osoz irabazi zuen, eta batez ere, bere erremontean konfiantza handiz. Juaneneak 17 tanto egin zituen piloteoan eta hamar sakean. Barrenetxeak hiru falta egin zituen saketik, baina piloteoan ez zuen ia hutsik egin, aurkariak asmatu zuen. Bost tanto egin zituen saketik eta 13 piloteoan.