Uztailaren 1ean hasiko da gaueko saioarekin eta beste lau egunez luzatuko da uztailaren 6an, 8an, 13an eta 15ean


San Fermin Torneoa ordezkatuko du garai berrietara egokitzeko eta ekainaren 28an, asteazkenean aurkeztuko da


Oriamendik ekainaren 28an, asteazkenean, Jai Alai Summer Season King Series txapelketa berritzaile eta apurtzailea aurkeztuko du. Erremonte enpresa, apustu sendoa egiten ari da gauzak eraberritzeko eta erremontea garai berrietara egokitzeko.

Bide horretan Jai Alai Summer Season txapelketak San Fermin Torneoa zena ordezkatuko du uztailaren 1ean, uztailaren 6an eta uztailaren 8an, uztailaren 13an eta uztailaren 15ean.

Erremontea momentu ona ari da bizitzen eta horri jarraipena eman nahi dio Oriamendik. Gauza berriak eta berrikuntzak sortuz jendeak ongi erantzuten duela ikusi da azkenaldian. Dinamika horrekin jarraituz berritasun askorekin dator erremontea uda denboraldian eta Jai Alai Summer Season horren erakusgarri da. 

Erremontea garai berrietara egokitzeko bide horretan, Oriamendik argi du aldaketak egin behar direla eta txapelketa berri hau bide horretatik jarraitzeko beste saiakera bat da. 

Jai Alai Summer Season berrikuntza bat izateaz gain aldaketa totala da, eraberritzeko bidean derrigorrez eman beharreko pausoa. Jende edota ikusle desberdinarengana iritsi nahi da, batez ere gazteengana, baina ohiko zaleak ahaztu gabe eta turismoa erakarri nahirik. 


Gaueko hiru jaialdi DJarekin eta pintxopotearekin

San Fermin Torneoa izatetik, Jai Alai Summer Season izatera pasako da uztaileko jarduna. Aipatu bezala hilaren 1ean, 6an, 8an, 13an eta 15ean jokatuko da eta beste berrikuntza garrantzitsua da larunbatetan gaueko 22:00etan antolatuko direla jaialdiak uztailaren 1ean, uztailaren 8an eta uztailaren 15ean. Uztailaren 6an eta uztailaren 13an ordutegi eta egun tradizionalean jokatuko dira jaialdiak, ostegunean, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Larunbatean izango diren gaueko jaialdiek jendeari aukera emango diote eguna aprobetxatzeko nahi duen eran eta gauez, Galarretara hurbildu daiteke erremonteaz eta antolatuko den ikuskizunaz gozatzera. Ez baita erremontea bakarrik egongo. Gazteek eta jai giroa gustoko duen orok aukera paregabea izango du Galarretan festaz gozatzeko. Erremontearekin batera musika izango baita DJarekin eta pintxopitea ere bai. 

Jaialdi guztietan hiru partidu jokatuko dira eta Jai Alai Summer Season King Series txapelketa bi taldetan banatuko da. Alde batetik, A multzoa dago eta bertan aktibo dauden zortzi erremontista onenak jokatuko dute. Aktibo, Ezkurra aitatasun bajarekin ez baita bertan izango. Zortzi onenak A taldean izango dira. Bestetik, B multzoa edo taldea dago. Hemen beste zortzi erremontista ariko dira, zortzi puntakoenak ez direnak.


Inoiz ikusi gabeko bikoteak

Beste berrikuntza nabaria izango da, oso konposizio berezian jokatuko dela txapelketa. Inoiz ikusi gabeko bikoteak eta espero gabeko bikoteak ariko dira jokoan.

Aldaketak posizioekin du zerikusia eta pelotariak bere ohiko lekutik kanpo ariko dira. Berezia izango da eta erremontistak ari dira dagoeneko horretara egokitzen.

Dinamika berriak sortu nahi dira, festa giroa sortu kirola eta ikuskizuna uztartuko dituena eta gazteak erakarriko dituena. Pintxopotea ere ez da faltako. Berrikuntza beharrezkoa da eta Jai Alai Summer Seasonek hori ziurtatuko du. Aukera hori eskainiko du.

Xehetasun gehiago asteazkeneko aurkezpenean eskainiko dira, baina non eta zer ordutan izango den ere sorpresa izango da. Datozen orduetan argituko da, baina seguru jendea ez dela hotz geratuko.