Urrizak eta Martirenak 2-1 (15-6, 11-15 eta 5-3) irabazi diote Ezkurra-Zubiriri, eta Goikoetxeak eta Barrenetxeak gauza bera egin dute (7-15, 15-10 eta 5-4) Aldabe eta Azpirozen aurka.

Sagardoaren Txapelketak jardunaldi berri bat jokatu zuen ETB1eko Erremontari Saioaren barruan. Goikoetxea V eta Barrenetxea IV (Oialume Zar) bikoteak hirugarren garaipena lortu zuten hiru partidatan eta 10 punturekin, matematikoki oraindik ez bada ere, lau onenen artean daude. Urriza-Martirena (Alorrenea) 2-1 (7-15, 15-10 eta 5-4) gailendu zitzaizkien Aldabe eta Azpirozi (Petriegi).
Urriza-Martirena bikoteak (Alorrenea) Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta) gainditu zuen 2-1 (15-6, 11-15 eta 5-3). Bi partidatan bi porrot izanda, hirugarren porrota jarraian larria zatekeen eta match point bat salbatu zutela esan daiteke.
Urriza eta Martirena indartsu hasi ziren eta lehen seta nagusitasunez eraman zuten, 15-6. Urrizak zazpi tantorekin eta hutsik egin gabe aginte makila eraman zuen, sei tanto eta huts bat egiten zuen Martirenak lagunduta. Bigarren setean parekotasun handiagoa egon zen, baina Ezkurrak eta Zubirik launako berdinketaren ostean, garaipenetik gertu geratu ziren 4-11, zazpi tanto erreskadan egin eta gero. 11-15eko emaitzarekin seta itxi zuten, Urrizak lau akats egin eta gero. Behin betiko setean berdintasun handia izan zen. Iruñeko aurrelariak bazekien zer zuten jokoan eta errebote batek 4-3koa jarri zuen eta pilotakada bortitz batek 5-3ko lehia itxi zuen.
Jardunaldiko bigarren partida ikusgarriagoa, distiratsuagoa eta piloteatuagoa izan zen. Lehen seta ezin hobea izan zen urdinentzat eta 7-15 irabazi zuten Aldabe eta Azpirozek. Atzelari urdinak huts bakar bat ere egin gabe eutsi zion partida osoari. Goikoetxeak eta Barrenetxeak 15-10 irabazi zuten bigarren setean. Barrenetxea esnatu zen 10 tanto eta bi huts eginda. Bost tanto eta akatsa bakarra egin zuen Goikoetxeak. Hirugarren seta 2-4 irabazten hasi ziren urdinak, baina 3-0eko partzialak garaipena eman zien gorriei. Goikoetxearen erresto batek, Barrenetxearen ihesaldi batek eta atzelariaren errebote batek partida polita erabaki zuten. Bitxia bada ere, galtzaileek tanto gehiago egin zituzten partidaren batuketan, baina ez zen nahikoa formatu berriarekin.

Sailkapena

1. Oialume Zar 10 puntu 3 partidu
2. Gurutzeta X Chuleta 6 puntu 3 partidu
3. Aburuza 4 puntu 2 partidu
4. Bereziartua 4 puntu 2 partidu
5. Petritegi 4 puntu 3 partidu
6. Alorrenea 4 puntu 3 partidu