Larunbatean hasiko da sei bikoterekin eta Aritz Eskudero, Aitor Aiestaran, Urtzi Gurrutxaga eta Jon Irazu dira txapelketan profesional bezala estreinatuko direnak
Berria Erremonte Txapelketa 2023 Galarretan aurkeztu da gaur. Larunbatean hasiko da eta sei bikotek bilatuko dute txapela. Gainera, horien artean lau debutari daude: Aritz Eskudero, Aitor Aiestaran, Urtzi Gurrutxaga eta Jon Irazu.
Berria txapelketak erremontista gazteenei ematen die aukera eta promoziorako da oso baliagarria pilotarientzat.
Txapelketa ligaxkarekin hasiko da eta sei bikoteak A eta B taldeetan daude banatuak. A taldea osatzen dute ondorengo hiru bikotek: Goikoetxea V-Aiestaran VI, Urrutia II-Apezetxea eta Gurrutxaga-Zaldua I. B taldean ariko dira: Loitegi-Eskudero, Zaldua II-Odei eta Irazu-Zubiri. Ligaxka lau jardunaldik osatzen dute eta talde bakoitzean, denok denon aurka jokatuko dute.
Txapelketako partida guztiak 35 tantura jokatuko dira eta puntuaketa sistema erabiliko da: lau puntu irabazleak, 34tik 32ra 2 puntu, 31tik 29ra puntua, 28tik 23ra punturik ez eta 22 edo gutxiago puntu negatiboa.
Larunbata honetan hasiko da ligaxka bi partidurekin. Martxoaren 4an 16:30etik aurrera Goikoetxea V.a-Aiestaran VI.a, Gurrutxaga-Zaldua I.aren aurka ariko dira. Bestetik, Loitegi eta Eskudero, Irazu eta Zubiriren aurka ariko dira. Martxoaren 11n, 16:30etik aurrera bigarren jardunaldia jokatuko da. Martxoaren 4ko irabazleak Urrutia II-Apezetxea eta Zaldua II-Odei izango dituzte aurrez aurre.
Martxoaren 18an, 12:00etatik aurrera A taldean geratzen den partida jokatuko da (ETB1en eskainiko da 15:30etatik aurrera) eta martxoaren 25ean B taldean jokatzeko geratzen den partida jokatuko da.
Talde bakoitzetik lehenengo biak sailkatuko dira finalerdietara. Honela, apirilaren 1ean, 16:30etik aurrera, A taldeko lehenengo sailkatuak B taldeko bigarrengoaren aurka jokatuko du lehenengo finalerdia eta B taldeko lehenengo sailkatuak A taldeko bigarrengoaren aurka jokatuko du bigarrengo finalerdia. Finalerdietako garaileak finalera sailkatuko dira.
Finala apirilaren 8an jokatuko da Berria Txapelketaren finala.Larunbata honetan beraz lau erremontistak egingo dute debuta.
Aurkezpenean Oier Apezetxea erremontista mahaian eseri zen. Pasa den urtean egin zuen debuta atzelari goizuetarrak eta gainera txapela jantzi zuen. Aurten zaila izango dela errepikatzea aipatu zuen, «bikoteak oso parekatuak direlako».
Berria egunkariko zuzendaria Martxelo Otamendi izan zen aurkezpenean eta pozik agertu zen erremontea laguntzeagatik. «ea beste lau urte gehiago irauten duen txapelketak». Xabi Gonzalezek ordezkatu zuen Oriamendi eta txapelketa oso interesgarri baten aurrean gaudela aipatu zuen.