Eskuin eskumuturreko lesioaren ondorioz 14 txapelketa jarraian jokatu eta gero, zazpi aldiz izan den txapelduna, baja izango da
Oriamendik txapelketa parekatua aurkeztu du Oronan bost bikoterekin. Larunbatean hasiko da txapelketa eta abenduaren 29an jokatuko da finala
52. Binakako Erremonte Txapelketa-Orona Fundazioa aurkeztu da gaur Orona Ideon eta azken orduko berri tamalgarri batekin hasi zen aurkezpena. Javier Urriza txapeldun handiak ezin izango du txapelaren defentsa egin lesio baten ondorioz. Eskuin eskumuturra ez zaio behar bezala osatu eta beste hiru astetan atseden hartu beharko du. Horren ondorioz baja da txapelketa nagusian. Erremontista nafarrak azaldu bezala, “inoiz ez nuen hutsik egin, 14 urte daramatzat profesionaletan eta urtero jokatu nuen”. Gainera zazpi aldiz izan da txapeldun, baina aurten ez da bertan izango.
Izango direnak Oriamendiko beste erremontista nagusiak izango dira. Bost bikoteetan banatuta txapelaren bila irtengo dira. Oriamendik azken orduan aldaketak egin behar izan ditu, baina bikote parekatuak osatu ditu.
Ondorengoak dira bost bikoteak: Ansa II-Juanenea, Ezkurra II-Martirena, Goikoetxea V-Barrenetxea IV, Aldabe-Azpiroz eta Segurola-Larrañaga. Txapelketa larunbatean hasiko da jokatzen eta lehenengo partiduan Segurola eta Larrañagak, Aldabe eta Azpiroz izango dituzte aurrez aurre.
Bost bikoteek ligaxka bat jokatuko dute urriaren 15a eta abenduaren 27a bitarte. Denak denen aurka ariko dira eta aurten berrikuntzekin dator ligaxka. Aurten, lehenengo sailkatuak finalerako txartela lortuko du zuzenean. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdietarako txartela lortuko dute eta azken bi bikote sailkatuak kanporatuak izango dira. Beraz, ligaxkak garrantzia irabazten du. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia abbenduaren 24ean, Eguberri egunean, jokatuko dute eta ligaxkaren irabazlea zain izango du garailea abenduaren 29an. Azken partidu horretatik irtengo da txapelduna.
Aurkezpenan izan ziren Orona Fundaziotik Garikoitz Ameztoi, Oriamendiko Xabi González eta txapelketa jokatuko duten ia erremontista denak, baita Javier Urriza bera ere.
Hitza hartu zuten Endika Barrenetxea, Imanol Ansa eta Javier Urrizak. Barrenetxeak eta Ansak, Urrizaren lesioa deitoratu zuten. “Pena da adiskide bat eta bere mailako pelotari bat ez egotea”. Hala ere Ansak “ilusioa” ere aipatu zuen txapelketa berri baten aurrean. Pasa den urtean Urrizak eta Labakak lortu zuten txapela Ansa II-Martirenaren aurka.