Ansa II.ak eta Juaneneak Setien ordezkatuko dute datorren asteleheneko finalaurrekoetan, Sagardoaren Txapelketan, eta Ansa aurrelari urnietarrak uste du une onean iritsiko direla Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka neurtuko dituzten partidara.
«Uste dut ligaxkan ongi jokatu dugula, oro har, nahiz eta Urriza eta Zubiriren aurka irristada txiki bat izan genuen. azken jardunaldian nahiko erraz irabazi genuen eta horrek konfiantza eman digu. Ongi iristen garela esango nuke».
Juaneneak ez darama denbora asko atzelari bezala jokatzen, baina Ansak dio bere posizio berrira ondo egokitu dela. «Bai, bai. Ikusten da oso pilotaria dela. Oso ongi ari da jokatzen eta huts egin genuen partidan ere zer ez genuen behar bezala egin badakigu. Ados geunden non egin genuen fallo eta ongi moldatzen gara. Horrek asko balio du. Elkarren artean konfiantza asko dugu eta horrek asko balio du. Gozatzen ari gara, alde horretatik, elkarrekin».
Oraindik ere atzean jokatzeko gauzak ikasi egingo ditu eta hori ere positiboa da bikotearentzat. «Partidaren batean kokapenean ez nuen asmatu eta gero akats horiek zuzendu ditugu. Lekuz kanpo egoten ginen. Errebotean eta sakean gero eta konfiantza gehiago du, gainera paretatik ateratzen ere hasi da. Egunetik egunera, indartsuago ikusten dut».
Ligaxkan 30-29 galdu zuten. «Egun horretan Juanenea ongi aritu zen eta ni pertsonalki deseroso aritu nintzen. Txapelketara joko gutxirekin hasi nintzen, baina gorako joera egin dut. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Nire momenturik onenean nengoen, baina pilotakada bat jaso eta gero azken bi partiduetan ez nintzen gustura aritu».
Pasa den urtean finala galdu zuen eta aurten gutxienez finalera nahi du sailkatu. «Partida zaila dugu aurrean. Goikoetxea eta Barrenetxeak bizi ibiltzen dute pilota, jotzaileak dira eta Barrenetxeak oso ongi ateratzen du. Gure jokoa egin behar du eta gure erritmoa inposatu behar dugu. Beraien jokoari aurre egiteko uste dut badugu jokoa».