Hirugarren larunbata jarraian Galarretara hurbildu ziren zaleek maila handiko estelarraz gozatu ahal izan zuten. Segurola eta Barrenetxea IV.ak 40-37 irabazi zieten Ansa II eta Azpirozi. Partida ikusgarria izan zen.
Segurola eta Barrenetxea oso indartsu hasi ziren. Barrenetxea ezin sendoago eta ezin hobeto ari zen eta urdinek ez zuten bikote gorriari aurre egiteko modurik ikusten. Tarte horretan, Barrenetxeak 15 tanto zeramatzan, eta nahi bezala ari zen. Hala ere, urdinen erreakzioak, ezustean, gorrien joko zirraragarria gelditzea lortu zuen. Ansa berotzen hasi zen eta tantoak bata bestearen atzetik bukatzen zituen. Errenta txikitzen hasi zen, 23-8 25-16, 27-24, 30-29 eta 32nako eta 34nako berdinketak ere egon ziren.
Bazirudien harrapatu eta gainditu egingo zituztela gorriak, baina ez. Segurolak eta Barrenetxeak indarrak atera zituzten eta hiru tantoko errenta hartu zuten, 37-34, 39-35era joan eta 40-37ko partida ixteko.
Barrenetxea eta Ansa nabarmendu ziren bikote bakoitzean. Urnietako aurrelariak 20 tanto egin zituen, hernaniarrak berriz 21 tanto lortu zituen, 10 saketik eta 11 piloteoan. Segurolak 12 tanto egin zituen eta Azpirozek ere partida bikaina jokatu zuen.