Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) osatutako bikoteak berriro irabazi zuen astelehenean, Sagardoaren Txapelketan,, Aldabe eta Larrañaga 30-17 menderatuta. Bereziartua ordezkatzen duen bikoteak ez du garaipenik lortu, eta hiru neurketa jarraian galdu ondoren ez dute punturik batu. Hala ere, oraindik sailkatzeko aukerak dituzte. Bi partidu geratzen zaizkie eta biak irabaziz gero, hirugarren ere sailkatu daitezke. Bestalde, bikote irabazlea sailkapeneko bigarren postuan kokatu da, jokaturiko bi partiduak irabazi eta gero.
Jaialdiko bigarren partida lehiatuagoa izan zen, baina azkenean Segurolak eta Azpirozek (Petritegi) garaipena lortu zuten Ezkurra II.aren eta Zaldua I.aren (Gurutzeta) aurka (29-30). Emaitza honekin, Segurola eta Azpiroz hirugarren posturaino igo dira, eta Ezkurra II.ak eta Zaldua I.ak bosgarren postuan jarraitzen dute, partidu baten faltan. Oraindik ere ez dago argi azkenaurreko postu hori norentzako izango den.
Urriza eta Zubiri nagusi izan ziren aurreneko partiduan. Hasieran lehia izan zen, baina pixkana-pixkana abantailak lortzen hasi ziren eta 10-6 eta gero ihes egin zuten 24-13. Partidua erabakita zegoen eta azkenean nahiz eta puntu negatiboa ez izan, 17an geratu ziren urdinak .
Partidu ikusgarriagoa izan zen bigarrena. Urdinak ongi hasi zuten partidua eta abantaila politak lortu zituzten, 6-11, 8-15, 8-18, 18-27. Ezkurra II.a ez zen ongi aritu hasieran eta ez zuen bere lekua bilatzen kantxan. Urdinak aldiz oso eroso ari ziren jokatzen. Hamar tantoko abantailak erabakigarria zirudien, baina gorriek ez zuten amore eman.
Segurola eta Azpirozek zailtasunak izan zituzten partidua ixteko eta 20-28tik, 24-29ra pasa ziren. Bost tantora zeuden gorriak, baina bakarra falta zuten urdinek. Urduritasuna nabaritu zitzaien eta Ezkurra eta Zalduak 29na berdintzea lortu zuten. AZken tanto ikusgarria jokatu zuten lau erremontistek. Ezkurrak eskura izan zuen garaipena bi paret batekin, baina Azpirozek ongi eraman zuen eta Segurolak aukera izan zuenean ez zuen hutsik egin. Nahiz eta larri izan, lortu zuten garaipena.