Aldabek eta Apezetxeak 27-35 irabazi zioten Etxarri-Martirenari eta Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekora sailkatu ziren B multzoko lehen postuan.

Urrutia II-Labakak, Susperregi-Zubiri bikotea 35-16 gainditu zuten eta A multzoko bigarren postuan sailkatu ziren finalerdietara, Susperregi eta Zubiri kanporatuta geratu ziren bitartean. A multzo honetan Goikoetxeak eta Odeik osatutako bikotea geratu da lehen postuan. Finalerdiak martxoaren 25ean (ostirala) eta apirilaren 2an (larunbata) jokatuko dira. Goikoetxea-Odei, Loitegi-Zalduaren aurka, eta Aldabe-Apezetxea, Urrutia II-Labakaren aurka.

Jaialdiari hasiera emateko, Aldabe-Apezetxeak garaipena lortu zuen Etxarri-Martirenaren aurka, 27-35. Garaipen hori 0-14ko partzialari esker gauzatu zen. Etxarri-Martirena 19-17 irabazten ari ziren, baina urdinek 19-31 alde egitea lortu zuten. Aldabek 16 tanto eta 3 huts egin zituen berriro, aurrean nagusi izan zen, eta atzean Apezetxeak profesional mailarako prest dagoela erakutsi zuen sakez egindako bost tantorekin, zazpi piloteoan eta huts bakarra egin eta gero. Gorrietan Etxarrik pilotakada bikainak eta hutsak tartekatu zituen eta 12 tanto eta bost huts egin zituen. Martirenak bost tanto egin zituen saketik, bost piloteoan eta hiru akats.

Jaialdiko hirugarren partidan Urrutia II-Labakaren eskarmentuak garaipen argia eman zien, 35-16. Hori bai, partida hasieran abantaila urdinen aldekoa zen. 4-10 ere irabazten zuten, baina partziala izugarria izan zen hortik aurrera. 31-6ko partzialarekin partidua erabat gorrien aldekoa izan zen. Labaka guztien gainetik nabarmendu zen sakez egindako bederatzi tantorekin, sei piloteoan eta huts bakarra egin zuen.

Ezkurra II.ak eta Azpirozek estelar ikusgarria eraman dute
Ezkurra II.ak eta Azpirozek 38-40 irabazi zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Lau pilotariek maila bikaina eman zuten. Partida polita izan zen, parekatua, azkarra, eta ikusleak liluratu zituen. Berdinketak etengabeak izan ziren partida osoan eta gorriek 37-35 irabazten zutenean, urdinek lau tanto jarraian egin zituzten. Barrenetxeak saketik egindako falta batekin iritsi zen azken tantoa. Ez zuen merezi partida horrela bukatzea. Barrenetxeak 11 tanto egin zituen piloteoan eta bost tanto sakean, baina sakeko faltek min eman zioten. Azpirozek aurre egin zion: 9 tanto egin zituen piloteoan, hiru saketik eta hiru akats. Aurrean Segurola bere mailarik onenean aritu zen 16 tanto eta bi akats eginda eta Ezkurra II.a izan zen partidako onena 20 tanto eta hiru akats eginda. Denetarik egin zuen, erasoan ederki, defendatu eta bi hormako hamabi tanto ere egin zituen. Oriamendi eta Galarretara itzuli zenetik partidarik onena jokatu zuen.

ekipazio ofiziala

salgai

Oriamendi 2024-2025 ekipazio ofiziala eskuragarri! 🏆✨ Pertsonaliza ezazu zure izenarekin edo jarri gogokoen duzun pilotariaren izena. Lortu zure kamiseta!