Goikoetxea V.ak eta Labakak Urrutia II.aren eta Aizpuru III.aren aurka 40-39 irabazi zuten Oriamendi Torneoko hirugarren jardunaldiko partida, eta Segurolak eta Zalduak 40-34 irabazi zioten Etxarri-Zubiriri jardunaldiko bigarren partidan.
Emaitza hauekin, Goikoetxea eta Labaka finalerdietara sailkatuta daude hamabi punturekin, hirutik hiru. Galdu arren, Urrutia II.ak eta Aizpuru III.ak zortzi puntu dituzte eta laugarren postuan daude, finalerditik oso oso gertu. Segurolak eta Zalduak garaipenarekin 10 puntu dituzte eta finalerdietarako sailkatuta daude. Dagoeneko kanporatuta daudenak Etxarri eta Zubiri dira, puntu bakarra lortu baitute. Urrutiak eta Aizpuruk ezin dituzte zazpi puntu baino gutxiago lortu.
Oraindik aukera txiki bat geratzen zaie Zaldua II-Larrañagari bere bi partidak irabaziz gero eta Urrutiak eta Aizpuruk puntu negatiboa batzen badute bien arteko partidan.
Lehen partida gora beheratsua izan zen oso, baina joko onarekin eta dinamika ezberdinekin. Zikloi bat bezala hasi ziren koloredunak 12-1 bere alde zutela. Labaka jaun eta jabe izaten ari zen, baina urdinek erreakzionatu egin zuten eta 18na berdintzeaz gain, aurretik jarri ziren 19-27, 25-34 eta 34-39. Eta urdinek garaipena lortuko zutela zirudienean, 6-0eko partzial batek eman zien garaipena gorriei. Labakak 19 tanto egin zituen eta huts batekin izan zen onena. Aizpuruk ere 19 tanto egin zituen, baina bost huts egin zituen. Goikoetxeak 11 tanto eta lau huts egin zituen, eta Urrutia II.ak 15 tanto eta sei huts.
Bigarren partida ezberdina izan zen. Ez zen hain joko ona ikusi eta Segurola eta Zaldua gorriak nagusi izan ziren. 20-14 aurreratu ziren eta 17 tantoko errenta ere izan zuten 37-20koan. Etxarri eta Zubiri zazpi tantora hurbildu ziren 38-31koan, baina 34 tantotan geratu ziren eta puntu bakarra lortu zuten.