Gaurko emaitzarekin Urriza ia finalean da eta Juanenea eta Endikak jarraitzeko nahikoa dute puntua ez galtzea beraien arteko partiduan.
Pasa den urtean txapeldun geratu zen Endika Barrenetxea Kutxabank Torneoan, baina aurten ia ezinezkoa du hurrengo fasera sailkatzea. Endika Urrutiaren aurka 23-30 galdu du gaur Galarretan eta zero punturekin azken jardunaldian emaitza desberdinen zain egon behar du aukerak izateko. Juanenea eta Endikaren arteko partiduan bietako batek 16an edo tanto gutxiagoan geratu beharko luke eta berak Urriza gainditu bien arteko partiduan. Bai bata eta bestea oso zailak izango dira.
Gaurko emaitzarekin gainera, Urriza finaletik ezin gertuago dago. Zortzi puntu ditu eta Juanenea eta Endikak lau dituzte. Azken jardunaldian 16an edo tanto gutxiagoan geratu behar du finalera zuzenean ez sartzeko. Minus batekin aldatuko lirateke gauzak geratzen diren bi partiduetan.
Ezinezkoa ez da, baina bai ia ezinezkoa Barrenetxea sailkatzea eta Urrizak lehendabiziko postuan ez amaitzea
Barrenetxeari bere arma onenak egin zion huts, sakeak
Endiken arteko partiduan sakea erabakiorra izan zen. Barrenetxearen indargune nagusia da, baina atzokoan Endikak asmatu zuen sakearekin eta min haundia egin zion Barrenetxeari. 11 tanto egin zituen sakez eta bi falta. Atzelari hernaniarrak lau tanto egin zituen sakez eta lau falta. Hor egon zen aldea. Ez zen partidu peloteatua izan.
Errestoan ere Endika fin aritu zen eta hasieratik amaierara bitarte nagusi izan zen markagailuan. 19-29tik 23-29ra pasa ziren eta hor aukera izan zuen hernaniarrak puntua lortzeko, baina azken sakean falta egin eta zituen aukera txikiak oraindik ere txikiago bihurtu ziren.