Lehenengo aldiz erremontearen historian partidak set formatuan jokatuko dira eta bi set irabazi behar dira.
Aurten sei bikotek eta sagardotegik hartuko dute parte: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II-Zaldua (Aburuza).
XIII. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu da Orona Fundazioan, modu berezian Erremontari pertsonaiak (ordenagailuz sortutakoa) aurkeztuta, eta aurten azken bi urteetan izan duen arrakasta ikusita, ildo beretik jarraituko du txapelketak. ETB1eko ‘Erremontari’ saioaren barruan jokatuko da, aurten ere, txapelketa astelehenero, apirilaren 17an hasi eta ekainaren 12an bukatuta finalarekin.
Hirugarren urtez jarraian tradizioa eta modernitatea uztartuko dira Galarreta frontoian eta aurten ere harmailetan giro bikaina espero da ikusleen erantzun onarekin. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotak, frontoia berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren irudiak kamera berezien bitartez eta saio baten barruan jokatzeak berak. Harmailetan ikusleek kolorea emango diote txapelketari eta noski, giroa ere bai.
Aurten gainera berrikuntza garrantzitsu batekin dator txapelketa. Lehenengo aldiz erremontean, partiduak set formatuan jokatuko dira. 15 tantuko bi set-ek osatuko dute partidua hasiera batean, baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarren set bat jokatuko da bost tantura, partiduaren bikote irabazlea zein den zehazteko.
Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 17tik aurrera, astelehenero gauetan ETB1en eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du prime time-an, 22:30etan. Partiduak Galarretan, 18:30etan hasiko dira.
Sei bikote, zazpi jardunaldi, finalerdia eta finala
Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II-Zaldua (Aburuza).
Set formatuan jokatuko denez, lehenengo setean txapak erabakiko du aurreneko sakatzailea. Bigarrengo setean, lehenengo seteko bikote galtzailea hasiko da sakatzen eta hirugarrengoan ordurarte tantu gehien egin duenak sakatuko du.
Txapelketaren formatuan, denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira, eta bi bikote kanporatuak izango dira.
Lehenengo bi setak irabazita (2-0) lau puntu batuko ditu bikoteak; 2-1 irabazten duenak hiru puntu iznago ditu; 1-2 galtzen duenak puntua eskuratuko du; 0-2 galduz gero punturik ez da lortuko; eta lehen bi seten batuketan 16 tantura iristen ez denak puntu negatiboa izango du.
Finalerdiak ekainaren 5ean jokatuko dira; lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 12an finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. Ez da atzerapenik egongo inongo fasetan.
Astelehenero bi partidu jokatuko dira eta lehenengo jardunaldia, apirilaren 17an izango da, hau da. Bigarrena apirilaren 24an jokatuko da; hirugarrena maiatzaren 1ean; laugarrena maiatzaren 8an; bosgarrena, maiatzaren 15ean; seigarrena, maiatzaren 22an, eta zazpigarrena maiatzaren 29an.
Urriza-Zubiri (Larre Gain) izan ziren pasa den urteko garaileak finalean Ansa II-Juanenea (Setien) 30-28 garaitu eta gero.
Aurtengo txapelketak maila benetan altua izango du Oriamendiko pilotari onenekin. Binakako Txapelketaren mailakoa edo altuagokoa izango da.
Aurkezpenean egon ziren bikote guztiak, hamar erremontistak ordezkatuta, Xabi Gonzalez Oriamendi 2010ko gerentea, Joseba Urkiola ETBko kirol zuzendaria, Garikoitz Ameztoi Oronako ordezkaria, sagardotegi guztietako ordezkariak, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldunditik, Josu Larrarte DVtik eta Donostia Turismoko Carmen Baz ere bai.