Ezkurra II .ak Azpiroz izango du aurkari Aldaberi 30-27 irabazita

Ezkurra II .ak Azpiroz izango du aurkari Aldaberi 30-27 irabazita

Ezkurra II .ak bigarren partida irabazi du Kutxabank Masters Txapelketan, Aldaberen aurka 30-27 irabazi ondoren. Horrela, Doneztebekoak Azpirozen aurka jokatuko du txapelketako hirugarren partida, urtarrilaren 24an, larunbatean.
Partida piloteatua eta bizia izan zen, buruz burukoa luzea, baina azkenean Ezkurraren tantoak egiteko gaitasuna eta bere sakea erabakigarriak izan ziren. Aldabek huts gutxiago egin zituen, aurkariak hiru-zortzi, baina piloteoan eta sakearekin ere tanto gutxiago egin zituen. Ezkurrak sei tanto egin zituen saketik Aldabek berriz hiru. Gainera, 26-23an Aldabek saketik falta erabakigarria egin zuen.
Partida oso berdinduta hasi zen hamarnako berdinketa arte. Orduan Ezkurrak abantaila hartu zuen goiko pilotakada biziago batekin eta 20-12 markagailuan ihes egin zuen. Aldabek ez zuen amore eman eta 23-20koan markagailua estutu zuen 22-17koan bost tantora jarri ondoren. 26-23an Aldaberen akatsa etorri zen, bere interesentzat zorigaiztokoa izan zena.
Ezkurrak bederatzi tanto egin zituen bi hormetan Aldaberen bostengatik.
Datorren astean Ezkurrak Azpiroz izango du aurkari eta titanen arteko duelua izango da. Azpiroz, Goikoetxearekin batera, Jabalera eta Larrañagaren gainetik pasa dira 15-4 eta 15-7ko bi partzialekin. Uitziko atzelaria fresko eta aspaldi ikusten ez zen bezala ikusi da.

Inoiz jokatu den Kutxabank Masters Txapelketa gogorrena aurkeztu da

Inoiz jokatu den Kutxabank Masters Txapelketa gogorrena aurkeztu da

Zortzi erremontarik jokatuko dute antolatuko den azken Masters Txapelketa
Kutxabank Masters Txapelketa 2026 gaur aurkeztu da Galarretan berrikuntza askorekin.
Zortzi erremontarik jokatuko dute txapelketa, ohiko lau partaideak bikoiztuz eta ondorengoak izango dira: Juanenea, Barrenetxea IV, Ansa II, Azpiroz, Ezkurra II, Aldabe, Jabalera eta Larrañaga. 2025eko Buruz Buruko erremonte txapelketan zortzi lehenengo postuetan sailkatutako pilotariak dira.
Zazpi jaialdi antolatu dira, finalaren aurretik, eta lehenengo lau jardunaldiak kanporaketak izango dira. Kanporaketekin indar gehiago izango du txapelketak. Gainera, lehenengo bi kanporaketak aurkezpenaren ondoren jokatu dira. Ezkurra II.ak, Larrañaga izan du aurkari eta Jabalerak, Aldabe.
Bigarren jardunaldia larunbatean, urtarrilaren 17an jokatuko da, gaurko garaileen artean. Urtarrilaren 24an jokatuko da hirugarrena  Azpiroz eta behetik datorren erremontariaren artean eta kanporaketak urtarrilaren 31n amaituko dira Ansa eta urtarrilaren 24ko garailearen arteko partiduarekin. Kanporaketen jardunaldi guztiak arratsaldeko 16:30ean hasiko dira.
Kanporaketen ondoren bizirik jarraitzen duen pelotaria ligaxkan sartuko da eta bertan Juanenea eta Barrenetxea IV.a izango ditu lehiakide.
Ligaxka otsailaren 7an hasiko da, 16:30ean iragarri den jaialdian. Bigarren partidua otsailaren 14an jokatuko da, 16:30etatik aurrera eta ligaxka otsailaren 21ean amaituko da, 15:15ean hasiko den jaialdiarekin.
Ligaxkan bi lehenengo postuetan geratzen diren erremontariak jokatuko dute Masters txapelketaren finala. Ohiko puntuaketa sistema erabiliko da: 30 tanto (4 puntu), 29-27 tanto (2 puntu), 23-17 tanto (puntu bakarra) eta 16 edo gutxiago (puntu negatiboa).
Bi erremontarien artean berdinketa badago, bi pilotarien arteko partida irabazi duenak lortuko du sailkatzea. Hiru erremontarien arteko berdinketa tanteo globalak  erabakiko ditu bi finalistak.Finala otsailaren 28an larunbatean jokatuko da, 16:30ean hasiko den jaialdian.
Partida guztiak 30 tantora jokatuko dira, baita finala ere.
Ansak azken hiru urteetako txapelak defendatuko ditu.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Oriamendi2010 enpresako arduradunak, erremontariak eta Kutxabank-en ordezkari bezala Marta Madinabetitia. Honakoak izan ziren bere hitzak aurkezpenean.
Protagonista guztiek azpimarratu zuten tamalez azken Maters Txapelketa izango dela. Kutxabank-eko Marta Madinabeitia ordezkariak esker  hitzak izan zituen azken urteetan egin den lanarengatik.

“Arratsalde on danoi, eskerrik asko Kutxabank Masters txapelketa honen aurkezpenera etorri zareten guztioi. 16. edizioa hasiko dugu larunbat honetan, urtarrilaren 17an, eta hilabete t´erdin, otsailaren 28ko finala arte, gaur egun sasoi onean dauden zortzi erremontari ikusteko aukera
izango dugu Galarreta-Jai Alai pilotaleku historiko honetan, erreminta honen etxe kuttuna den frontoian.
Kutxabankentzat garrantzitsua da erremontearekin dugun berezko harremanari eustea. Bertako gure kirola den erremontea babesten eta sustatzen jarraitu nahi dugu. Erremonteak behin eta berriz erakutsi du egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna. Orain, inoiz baino gehiago,
erremonteak guztion konpromisoa behar du: enpresena, erakundeena, komunikabideena eta zaleena. Izan ere, erremontearen etorkizuna guztion artean eraiki behar dugu.
Erakundeek irtenbide egokia aurkituko dutela ziur gaude, euskal pilotaren altxor hau etorkizunean ere sendo iraun dezan. Erremontea bizirik nahi dugu, eta bizirik mantentzea guztion ardura da. Kutxabank Masters 2026 ez da txapelketa soil bat; erresistentziaren, harrotasunaren eta
etorkizunarekiko konfiantzaren adierazpena da. Oriamendi enpresa zoriondu nahi dugu, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan egindako lan eta dedikazioagatik. Tradizioa eta egungo teknika modernoenak uztartzen jakin du, aro berrietara egokituta, zaletu berriak erremontea hurbiletik ezagutzera animatu eta adin guztietako publikoak Galarretan disfrutatzea lortuta.

Eta, noski, eskerrik asko baita ere Kutxabank Masters-ean parte hartuko duzuen erremontista guztiei, zuek baizarete honen guztiaren oinarria, erremontearen bihotza eta birika. Mila esker Ansa II.a, Barrenetxea IV.a, Azpiroz, Juanenea, Jabalera, Ezkurra II.a, Aldabe eta Larrañaga. Zorte on danoi!
Ez naiz askoz ere gehiago luzatuko. 2026ko Kutxabank Masters txapelketari berriz ere arrakasta haundia izatea opa diogu, eta 16. edizio honen ondoren ere beste makina bat urte bete ditzagula, frontoia jendez beteta; zaleen, komunikabide eta erakundeen babesarekin. Kutxabanken, gure aldetik, txapelketako partidu guztietarako sarreren zozketa egingo dugu Newsletter bitartez, finaleko sarrerak barne noski; gure bezeroek
txapelketa hau bertatik bertara ikusteko aukera ematen jarraitu nahi dugu.
Mila esker antolatzaileei beste behin Kutxabankengan konfiantza jartzeagatik, zuei guztioi -komunikabideei- zuen arretagatik eta erremontea urte askoan gurekin izatea espero dugu bihotz-bihotzez”
Goikoetxeatarrek irabazi dute Bigarren Mailako txapela

Goikoetxeatarrek irabazi dute Bigarren Mailako txapela

15-10 eta 15-7 gainditu zituzten Deskarga eta Martirena

Bigarren Mailako finala ez zen hirugarren setera joan, Ander Goikoetxea eta Joseba Goikoetxea, Julen Deskarga eta Ibai Martirena baino gehiago izan baitziren. Merezimendu osoz jantzi zuten txapela, saiatu zen Deskargaren eta finalean apur bat desitxuratuta egon zen Martirenaren aurka.

Azpimarratzekoa da Joseba Goikoetxea atzelariak egin zuen partida. Ander Goikoetxea aurrelaria protagonista izatea espero zen, baina atzelaria izan zen. Bederatzi tanto egin zituen sakearekin guztira 15 tanto egiteko, 6 lehenengoan eta 9 bigarrenean, astakeria atzelari batentzat. Luze eta ponpatua ateratzen zuen eta min handia egin zion Martirenari. Deskargak borrokatu zuen, saiatu zen, baina ezin izan zuen aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Berdintasuna lehen seteko bederatzina arte mantendu zen, hortik aurrera urdinen nagusitasuna erabatekoa izan zen eta gorriek ezin izan zuten ezer egin. 15-10 eta 15-7ko markagailuak argi utzi zuen bien arteko aldea.

Ansa II .a eta Zubiri dira Binakako txapeldun berriak

Ansa II .a eta Zubiri dira Binakako txapeldun berriak

2-1 (14-15, 15-6 eta 8-3) nagusitu zitzaizkien Ezkurra II .ari eta Larrañagari

Ansa II .ak eta Zubirik irabazi dituzte Binakako Txapelketako txapelak Ezkurra II .ari eta Larrañagari 2-1 irabazita (14-15, 15-6 eta 8-3). Txapeldunek merezimendu osoz eraman dute txapelketa. Txapelketa osoan zehar onenak izan dira eta finalean ere bai, nahiz eta lehenengo seta galtzen hasi. Bigarrenetik aurrera aurkariak baino askoz hobeto aritu ziren eta gorriek aprobetxatu baitzuten garaipen handia lortzeko. Ansa II .ak eta Ezkurrak lehia polita izan zuten aurreko koadroetan eta Zubiriren sakeak, bigarren setetik aurrera, aldea markatu zuen. Ansa II .ak tantoak hobeto bukatu zituen eta urdinek behartu gabeko akats gehiago ere egin zituzten.
Lehenengo seta finaleko onena izan zen. Hasiera izugarria izan zen eta espero bezala aurrelariak ziren erritmoa markatzen zutenak. Ezkurrak tantoaren agintea hartu eta berehala erantzun zion Ansak. Horrela joan ziren lehen tantoak. Hirunako berdinketaren ondoren, Ansa urnietarrak eta Zubiri goizuetarrak 7-3ko aldea ireki zuten markagailuan eta lau tantoko aldea 10-6an mantendu zen. Orduan berotu ziren partida eta pilotariak. Larrañagak hiru tanto egin zituen saketik eta Ezkurraren beste hiru tantok 10-12 aurretik jarri zituzten urdinak 0-6ko partzialarekin. Hamabina berdindu zuten gorriek Ansaren bi pilotakada azkarrekin, eta lehen seteko azken bost tantoak bikainak izan ziren, batez ere 12-14koa, Ezkurraren bi pareta batekin amaitzen zena. Lau pilotariak ahalik eta gehien saiatu ziren eta ezinezko pilotak eraman zituzten, baina azkenean Ezkurra izan zen bi horma milimetriko lotu zituena. Ansa eta Zubirik ez zuten amore eman eta aurrelariaren beste bi tantok 14nako berdinketa ekarri zuten. Azken tantoa Ezkurraren pilotakada azkar batekin iritsi zen ezker paretarantz, gorriek eraman ezin izan zutena. Ansak amorruarekin kantxara jaurti zuen kaskoa, baina horrek ez zuen deszentratu.
Bigarren seta guztiz ezberdina izan zen. Koloredunak jaun eta jabe izan ziren urdinen aurrean, partzialak ihes egiten ziela ikusten zuten bitartean. Zubirik sei tanto egin zituen saketik eta bigarren seteko protagonista nagusia izan zen. Tanto bat gehiago egin zuen piloteoan eta setean nagusi izan zen Ansaren laguntzarekin. Gorriak serio, hutsik egin gabe, eta ekimena eramanez 14-3 aurreratu ziren markagailuan eta 15-6ko markagailuarekin finala berdindu zuten. Nagusitasuna argia izan zen, eta zalantza zegoen urdinek dena eman zuten ala ez seta irabaztea ezinezkoa zela ikusi zutenean.

Erantzuna hirugarren setean ikusi zen. Hirunako berdinketarekin hasi zen set erabakigarria. Atzelariek tanto bana egin zuten saketik eta aurrelariek bi tanto egin zituzten jokaldian, baina azken tantoek bigarren seteko joera berarekin jarraitu zuten. Gorriek bolada onean jarraitzen zuten eta urdinek itzalita. 4-3koa Larrañagaren falta baten ondoren iritsi zen eta 5-3koa Ezkurraren huts batekin beheko koltxoira. 6-3koa Ansak bukatu zuen eta 7-3koa Zubirik egin zuen saketik beste sake batean, aurrelariarentzat arazorik ez zuela izango zirudienean. Ansa pilotakada batekin amaitu zen finala. Ansa II .ak eta Zubirik lehen txapela irabazi zuten eta Ezkurra eta Larrañaga bigarren eta hirugarren txapelik gabe utzi zituzten, hurrenez hurren.
Lehenengo setaren ondoren gorriak hazi ahala urdinak txikitu egin ziren. Partidako zenbakiak honako hauek izan ziren: Ansak 17 tanto egin zituen piloteoan lau akats. Zubirik hamar tanto egin zituen saketik, piloteoan bat eta behartu gabeko bi huts. Urdinetan Ezkurra II .ak 14 tanto egin zituen piloteoan eta sei huts. Larrañagak lau tanto egin zituen saketik, falta bat saketik eta behartu gabeko bi akats piloteoan, piloteoan tantorik egin gabe.

 

PALMARESA
Urtea Txapeldunak
1943 Azpiroz-Iturain
1957 Irigoyen-Salsamendi III
1964 P. Lecumberri-Ugarte
1972 Ibero-Erro P.Lecumberri-Ugarte
1973 Raúl-Arizcuren
1974 Iriarte I-Ayerbe
1977 Pablo-A. Lecumberri
1978 Intxauspe-Ayerbe
1979 Iriarte I-Urteaga
1980 Iriarte I-Zestau I
1981 Aseginolaza I-Urteaga
1982 Raúl-Urteaga
1983 Ibero-Zestau I
1984 Gorriz-Mujika
1985 Matxin II-Urteaga
1986 Elizalde-Agerre
1987 Elizalde-Agerre
1988 Noain-Agerre
1989 Prat-Mujika II
1990 Elizalde-Aizpuru
1991 Intxaurburu-Agerre
1992 Elizalde-Eizagirre
1993 Arregi-Aizpuru
1994 Ezkurra-Eizagirre
1995 M. Lecumberri-Eizagirre
1996 Elizalde-Etxabe
1997 Altuna II-Etxabe
1998 Zeberio II-Aizpuru
1999 Ezkurra-Imaz
2000 Altuna II-Txikuri
2001 Zeberio II-Iriarte
2002 Altuna I-Eizagirre
2003 Zeberio II-Auzmendi
2004 Zeberio II-Urrutia
2005 Zeberio II-Auzmendi
2006 Ezkurra-San Miguel
2007 Urriza-Lizaso
2008 Urriza-San Miguel
2009 Zeberio II-Badiola
2010 Urriza-Etxeberria III
Urtea Txapeldunak Azpitxapeldunak
2011 Zeberio II-Ion Juaristi-Lizaso
2012 Urriza-Barrenetxea IV Ezkurra-Olazar
2013 Uterga-Ion Urriza-Endika
2014 Ezkurra-Ion Ezkurra II San Miguel
2015 Ezkurra-Endika Matxin III-Ion
2016 Uterga-Endika Ezkurra II-Ion
2017 Uterga-Etxeberria III Ezkurra II-Endika
2018 Uterga-Azpiroz Juanenea-Endika
2019 Urriza-Larrañaga Matxin III-Barrenetxea IV
2020 Urriza-Labaka Ansa II-Aizpuru
2021 Urriza-Labaka Ansa II-Martirena
2022 Segurola-Larrañaga Goikoetxea V-Barrenetxea IV
2023 Urriza-Azpiroz Ansa II-Martirena
2024 Ezkurra II-Azpiroz Segurola-Barrenetxea IV
2025/2026 Ansa II-Zubiri  Ezkurra II-Larrañaga
Azken sarrerak eskuragarri Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako, Galarretan

Azken sarrerak eskuragarri Binakako Erremonte Txapelketaren finalerako, Galarretan

Gaur arratsaldean, 16:30etik aurrera, Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da Binakako Erremonte Txapelketaren finala, denboraldiko hitzordu berezienetako bat, eta beste behin ere ikusleen aldetik erantzun handia izango duena.

Goizeko lehen ordutik sarreren salmenta ia erabat agortuta dago, eta une honetan zutik ikusteko azken sarrerak baino ez dira geratzen eskuragarri, eserlekua duten sarrera guztiak dagoeneko agortuta baitaude.

Binakako Txapelketaren finala urtero izaten da Galarretan jende gehien biltzen duen jaialdietako bat. Duela bi denboraldi, sarreren eskari handiak hainbat zale pilotalekutik kanpo uztea ekarri zuen, sarrerak agortu zirelako. Egoera hori berriro gerta ez dadin, Oriamendi 2010ek aurrez ematen du gaurko jaialdiaren aforoaren egoeraren berri.

Hori dela eta, antolakuntzatik sarrerarik ez duten pertsonei pilotalekura ez gerturatzea eskatzen zaie, aforoa betetzen denean ezingo baita barrura sartu. Eskuragarri geratzen diren azken sarrerak webgune ofizialean eros daitezke: www.oriamendi.eus.

Oriamendi 2010ek zaleen ulermena eta babesa eskertu nahi ditu, eta gaur arratsaldeko finala erremontearen festa handi bat izatea espero du, bai kantxan eta bai harmailetan.

Ezkurra II .ak eta Larrañagak Ansa II.aren eta Zubiriren aurka neurtuko dituzte indarrak Binakako finalean

Ezkurra II .ak eta Larrañagak Ansa II.aren eta Zubiriren aurka neurtuko dituzte indarrak Binakako finalean

2-0 nagusitu ziren (15-8 eta 15-6) Aldabe eta Azpirozen aurka.

Ezkurra II .ak eta Larrañagak 2-0 (15-8 eta 15-6) irabazi zieten Aldabe eta Azpirozi Orona Fundazioaren Binakako Txapelketako finalerdian. Beraz, urtarrilaren 2an finala jokatuko dute Ansa II .a eta Zubiriren aurka. Hauek Jabalera eta Barrenetxeari 2-1 (13-15, 15-14 eta 7-8) irabaz zieten jaialdia irekitzen zuen partidan.
Gorriak aurkaria baino askoz gehiago izan ziren eta partidak ligaxkan lehen itzulian jokatu zutenaren antz handia izan zuen. Ezkurra Aldabe baino hobeto aritu zen eta Larrañagak ere argi eta garbi gainditu zuen Azpiroz atzean. Larrañagak sakearekin apurtu zuen partida, batez ere lehen setean eta Ezkurrak bikain bukatu zituen izan zituen aukerak, batez ere bigarren setean. Larrañagak sei tanto egin zituen saketik, bi piloteoan eta ez zuen akatsik egin. Ezkurrak 15 tanto egin zituen piloteoan huts bakar batengatik. Aldabek zortzi tanto eta lau huts egin zituen. Azpiroz ohi baino irregular egon zen. Tanto bat saketik, hiru tanto piloteoan eta hiru huts egin zituen.

Lehenengo setean Ezkurra II .ak eta Larrañagak oso serio jokatu zuten eta 15-8 irabazi zuten. Aldabek bi tantorekin hasi zuen partida, baina 8-0eko partzial batek gorriak frankizian jarri zituen (8-2). Larrañagak zazpi tanto ere egin zituen, bost saketik eta Ezkurrak beste lau egin zituen eta gainera ez zuen pilotarik huts egin. Ezkurra eta Larrañaga oso seguru egon ziren pilota bakar bat ere huts egin gabe. Sei-zazpi tantoko aldea ondo eraman zuten, Azpirozek eta Aldabek tanto onak egin zituzten arren, batzuk bi hormetan ederrak. Hori bai, akats gehiago ere egin zituzten, Aldaberen hiru.
Bigarren seta lehen setaren antzera hasi zen. Urdinak 0-3 aurreratu ziren, baina gorriek azkar erreakzionatu zuten 6-0eko partzialarekin eta 6-3 aurreratu ziren. Ezkurra izan zen erritmoa markatu zuena set honetan. Partidako bere lehen hutsa 7-5ekoan izan zen, baina 9-5erako zazpi tanto eder eginak zituen. Pilota oso bizi ateratzen zitzaion saskitik eta konfiantza handiz jokatu zuen. Pixkanaka urdinek konfiantza galdu zuten eta huts batzuk egin zituzten. Markagailuaren garapena lehen seteko bera zen eta partida abantaila handiagoarekin itxi zuten, 15-6. Ezkurrak, guztira, hamaika tanto egin zituen bigarren setean. Larrañaga oso ondo aritu zen sakean, eta Aldabe eta Azpiroz, berriz, aurrelariaren lau tantorekin, Azpirozen sakearekin eta Ezkurraren huts batekin geratu ziren.